XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hogetalau egunetan 275 neska-mitilek parte hartu dabe
Amaitu barria da Eubako III Uda Ikastaroa.

Uztailaren 6tik 30era bitartean eratu da aurten, Eubako Lauaxeta ikastetxean, VIII. Uda Ikastaroa.

Urtero legez Euskeraz Egin Taldea izenekoaren ardurapean antolatu dan ikastaro honetan Ohoko bigarren zikloko 275 neska-mitilek parte hartu dabe, urtean zehar ikastoletan dihardutenak ezezik, baita osterantzeko ikastetxe eta eskoletara joaten diranak bere.

Antolaketaren arduradun dan Josu Astondoak diñoanez, ikastaro honen helburua zera da umeak euskerea erabili dagiela ordu eta leku guztietan, eta hori lortzeko biderik egokiena konbibentzia alaia eta zabala izaten da, hau da, umeak pozik eta jolasean ibili daitezala.

Monitorea da motorra.

Dana ez da, baina, kirol eta joko izaten, ikastorduak bere izaten dira.

Baina metodologia berezi bategaz argitzen dau Astondoak, jolasean lez klaseak be, eta egunean ordu gitxi.

Hori bai, eguna programatuta eukiten dogu, era bateko edo besteko ekintzekin: ibilaldiak, ordenadoreak, irratsaioak, jolasak, jokoak, korilak etab..

Gero, bide batez, hara-honako bidaiak ere izan ditugu egun osokoak eta Bizkaiko txoko nabarmenak ezagutarazteko: Butroi, Urkiola, Orduña, Baltzola....

Zortzigarren urtea izan da aurtengo hau eta badirudi gogoak ez dauala beherantza egin.

Astondoaren ustez lehenengo eta behin umeak eurak gogo haundiz etorten dira.

Horrez gainera, daukaguzan 22 monitoreak urteetan hementxe dabiltzanak dira gehienak, eta urtean zehar bere lan hau egiten ibilten diranak.

Benetan diruz ordaindu ezineko monitoreak dira gureak, bokazioa daroe zainetan.

Eta, jakina, monitorea bere 15 umeekaz dago egun guztian, eta gau guztian, eurekaz olgetan egin, jan, lo... monitorea da motorra.

Erdal giroan bizi diranentzat.

Era honetako ikastaro honeik ez dira gero udan bakarrik eratzen.

Ikasturtean zehar bere, normalean beste hiru aldiz antolatzen dira era honetako ikastaro edo bilerak eta udan egoten diranei deitu egiten jake parte hartu dagien.

Astondoan esan legez asteburu zubidun luze horreetan egiten dogu hori.

Orduan bere helburua bardina: euskeraz eginaz beste lau egun bizi.

Erdal giroan bizi diranentzat, batez bere, oso ondo etorten dira ikasturte barruko ekitaldiok, eta gaur, zoritxarrez, euskal herrietan eta euskal familia askotan bere, umeak nahiko erdal giroan bizi dira sarritan.

Dana dala, aurtengo udako ikastaroak egin dau berea.

Hogeitalau egun izan dira eta gazte jendea luze eritzita dago.

Etxera joateko gogoa be badaukagu, baina hemen be gustora ibili gara zinoskuen Durangoko mutiko batzuk.

Hirugarren urtez etorri dan hamabi urteko neskato bilbotar batentzat barriz, aurtengoa izan da onena.

Argazkiak adi ta geldi harrapatu baditu be, momentuko kasualidade hutsa izan ei da.